parallax background

Informazioa


FORMAKUNTZAREN AURKEZPENA

Ahoz eta idatziz egoki komunikatzen jakitea nahitaezkoa da gurea bezalako gizarte batean. Ez dago lanbide edo jardun esparrurik, komunikazio egokiaren beharrik ez duenik.

Komunikazioan trebatzea, komunikazio-egoerak egoki kudeatzen ikastea da, hots: komunikazio-egoera bakoitzean aurrez finkatu dugun xedea lortzeko behar den guztia planifikatu eta gauzatzen ikastea. Ikastaro honetan, era guztietako komunikazio-egoerak jorratuko ditugu, lan arlokoak zein sozial edo pribatuak. Kontua ez da, beraz, ahozko edo idatzizko diskurtso “ederrak” egitea, lortu nahi duguna lortzen lagunduko diguten diskurtsoak egitea baizik. Hots, diskurtso egoki edo eraginkorrak.

Abiatu, idatzizkotik abiatuko gara, horretantxe baititugu arazo eta gabeziarik nabarmenenak. Gainera, testua da diskurtso ororen oinarri: testuak huts egiten badu, denak egiten du huts. Testu eraginkorrak sortuko baditugu, hiru alorrok landu beharko ditugu: sormen mekanismoak, diskurtsoa egituratzeko aukerak eta formulazio estrategiak.

Formulazio lanketaren amaieran, hizkera xaloa (plain language) aldarrikatuko dugu eta, horren eskutik, Ahozko Testu Idatzia (ATIa). Testu egokirik gabe ez dago diskurtso eraginkorrik. Hala ere, testu ezinago egoki baten eraginkortasuna zapuztuta gera liteke ahotsa edo gorputz mintzaira desegokiro erabiliz gero. Bi horiexek dira, hain zuzen ere, gure ibilian jorratuko ditugun hurrengo alorrak.

Diskurtso eraginkorrak sortzen trebatu eta gero, baina orduan bakarrik, has gaitezke testuaren morrontzatik askatzen, eta hartara egoki inprobisatzeko lehen urratsak egiteko aukera izango dugu.

Aukeran labur samarra izanik, ikastaro honetan nekez iritsiko da inor behin-betiko komunikazio-bikaintasunera, besteak beste horrelakorik ez dagoelako. Segurta dezakeguna, aldiz, hauxe da: ikastaroan zehar aski arrasto, orientabide eta tresna eskainiko ditugula, gero bakoitzak bere komunikazio gaitasuna lantzen jarraitu ahal izan dezan.

HELBURUAK

Helburu orokorrak

1. Komunikazio-egoerak, idatzizkoak zein ahozkoak, egokiro aztertu eta kudeatu.

2. Komunikazio-egoera formal bakoitzari ezartzen zaion helburua lortu ahal izateko moduko diskurtsoa planifikatu, horretarako testu, ahots eta gorputz-hizkeraren alorretan erabaki egokiak hartuz.

3. Diskurtsoak jendaurrean gauzatzen trebatu: egoera horrek hasieran sortzen duen izua gainditu, ahots erregistroak zabaldu, gorputza eta espazioa egoki baliatu.

4. Inprobisazio bidean lehen urratsak egin, apurka-apurka testutik askatuz.

5. Jendaurreko nortasuna landu eta finkatzen hasi.

Helburu operatiboak

1. Ideien arteko lotura ezkutuei igartzeko gaitasuna hobetu.

2. Objektu fisiko nahiz moralei hainbat ikuspuntutatik begiratzen ohitu.

3. Testua egituratzeko aukerez jabetu, eta kasu bakoitzean eraginkorrena hautatzen ikasi.

4. Diskurtsoaren formulazioa indartzen ikasi (noiz behar den, eta nola egin litekeen).

5. Hitzen bidez objektuak "eraikitzen" ikasi.

6. Baliabide poetiko-erretorikoak diskurtsoa indartzeko erabili.

7. Euskararen beraren baliabideak ezagutu, aktibatu eta erabili (hitz-elkarte, lokuzio, atsotitz...)

8. Hizkera xaloan (plain language) trebatu, horretarako behar diren estrategiak garatuz.

9. Ahozko Testu Idatziak (ATIak) idazten ikasi.

10. Norberaren esateko gaitasuna areagotu (ozentasuna, ebakera, lastertasuna, pausa-isiluneak...).

11. Ahotsaren kudeaketa erretorikoan trebatu.

12. Gorputz mintzairaren osagaiak egoki kudeatu (begirada, kokapena, keinu-imintzioak, tramankulu lagungarriak...)

13. Diskurtsoaren bidez, aldiro komeni zaizkigun distantziak eta erregistroak eraiki.

14. Gidoi erretorikoren sortzen eta erabiltzen hasi.

15. Inprobisaziorako lehen urratsak egitea.

16. Jendaurreko izua gainditu.

17. Jendaurreko nortasun/irudia lantzea, nork berea.

HARTZAILEAK

Ahoz eta idatziz komunikazio gaitasuna hobetu nahi duen edonorentzat, dena dela ere bere lanbide eta jardun esparrua.

Kontuan izan hau ez dela hizkuntza ikastaroa, komunikazio estrategiei buruzkoa baizik. Ikastaroari etekinik aterako bazaio, beraz, ezinbestekoa da euskaraz hitz egiten jakitea, hizkuntza gaitasun normala izatea euskaraz. Bestalde, ikastaroan landuko ditugun jarrera eta gaitasunak beste edozein hizkuntzatan ere baliatzeko modukoak dira.

METODOLOGIA

Ikastaroak praktikari emango dio lehentasuna, alegia, komunikazio-egoera benetako zein asmatuen kudeaketari, eta praktika horren argigarri den neurrian soilik jorratuko dugu teoria.

Funtsean, komunikazio-egoerak simulatzea izango da gure prozedura, eta egoera horietako bakoitzean gure xedea lortzeko moduko diskurtsoak eraikitzen saiatuko gara. Ariketa asko egingo ditugu, beraz, bai idatzizko diskurtsoetan bai ahozkoetan.

Ariketa horietako gehienek sormena eskatzen dute, eta gure eskarmentuak diosku sormen prozesuak hobeto garatzen direla talde dinamika baten baitan. Gainera, oratorian badira alderdi batzuk bakarka nekez landu daitezkeenak: jendaurreko izua gainditzeko, esaterako, ez dago jendaurrean aritzea beste erremediorik.

Arestian esana kontuan hartuta, ikastaroa 6 online saioren bidez garatuko da, eta saio horietako bakoitzean etxekolan bana esleituko zaie parte hartzaileei, bakoitzak bere kasa egin dezan, ikastaroaren plataforma erabiliz.

Ordu eta hiru laurdeneko saioak izango dira, eta bakoitzean esleituko den etxeko lana 45 minututan egiteko modukoa izango da, gutxi gorabehera.

Online saioak ostiral arratsaldez izango dira beti (17:00etatik 18:45etara), eta hauxe izango da ikastaroaren egutegia (2023ko datak):

  • Azaroak 3, ostirala (17:00-18:45)

  • Azaroak 10, ostirala (17:00-18:45)

  • Azaroak 17, ostirala (17:00-18:45)

  • Azaroak 24, ostirala (17:00-18:45)

  • Abenduak 1, ostirala (17:00-18:45)

  • Abenduak 15, ostirala (17:00-18:45)

Kontuan hartu beharreko alderdiak:

  • Ikastaroaren izaera dela eta, nahitaezkoa da online saioetan zuzenean aritzea. Nolanahi ere, kasuren batean hori ezinezkoa dela frogatzen bada, ikastaroaren martxa grabazioaren bidez jarraitu ahal izango da.
  • Saio bakoitzean proposatutako etxekolanak, hurrengo saioa baino lehenago bidaliko dira (ikastaroaren plataforma erabiliz), eta irakasleak ebaluatu egingo ditu.
  • Lehen saioren aurretik etxekolan bat egin beharko da, irakasleak izango duen taldea nolakoa den irudikatu ahal izan dezan.

ESKAKIZUN TEKNIKOAK

Ikasleak Interneterako konexio egonkorra izan beharko du. Era berean, online saioetan parte hartzeko, bere ordenagailuan edo gailu mugikorrean Zoom bideokonferentzia-aplikazioa instalatu beharko du. Aplikazioa esteka honetan eskura daiteke: https://zoom.us/download #client_4meeting

PREZIOA

Ikastaro hau doakoa da.

MATRIKULA IREKIA

Beharrezkoa da "Izen-ematea" atalean dagoen formularioa betetzea.

HIZKUNTZA

Euskara.

DATAK

Hasiera data:

2023ko azaroak 3.

Bukaera data:

2023ko abenduak 15.

Orduak: 15.

______________

Ikastaroa amaitzean, ikasleek UNED-Bergara Ikastetxe Elkartuak emandako ziurtagiria jasoko dute.


Kolaboratzailea

Asmoz-Logo